Sinatu manifestua

ANkerkeriari stop!

Hemen gauden guztiok oso kezkatuta gaude Aitor Zelaia eta Galder Barbadori gertatzen ari zaien guztiarekin. Larrituta gaude gerta daitekeenarekin, datozen egunotan kartzela-zigor eskaera neurrigabeei aurre egin beharko baitiete Auzitegi Nazionalean. Hori dela eta, zera adierazten dugu:

Jada, badira hamar urte beste testuinguru batean murgildu ginela, baina estamentu faktikoek iraganera kateatuta nahi gaituzte, kosta ala kosta: kartzelak hustu beharrean haiek betetzeko ahaleginean tematuta jarraitzen dute eta mendekuan oinarritutako politika bidegabeak aplikatzen segitzen dute.

Herri honek konponbidearekin egiten du amets. Sinistuta dago posible dela, eta amesten dugun konponbidea oraindik eskuratu ez dugun arren, hamarkada bat daramagu bidea egiten, oztopoz betetako bidea. Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren aurkako auzia beste oztopo bat gehiago da, baketik urruntzen gaituena eta iraganeko amesgaiztoak gogora dakarzkiguna, baina herri honek behar duen konponbide demokratikoa lortzeko nahia sendotu baino ez duena egiten.

Herri honek demokrazia desio du, pertsona guztiek eskubide berberak dituen jendarte bat. Amurrioko udalerritik irten gabe ikusi ahal izan dugu printzipio hori ez dela aplikatzen: polizia ohi batek zigorgabetasun osoz tiro egin dezake familia abertzale baten etxera, inolako ondorio politiko eta penalik gabe; Galder eta Aitor, berriz, kartzelan sartu zituzten froga lausoak aurkeztuta, eta lekuz kanpo dagoen prozesu kafkiarrean murgildu dituzte, salbuespeneko kartzela-zigor luzeak ezartzeko asmoz.

Herri honek justizia eskatzen du, elkarri eragindako zauriak sendatzen lagunduko duen justizia, bizikidetza sustatuko duen justizia. Egia esan, era guztietako epaiketa politiko bidegabeak ezagutu ditugu, Burgosen bezala Auzitegi Nazionalean ere.

Fiskaltzak 16 urteko espetxe zigor eskaera egin du. Gazte bakoitzarentzat 8 urtekoa eta beste 7 urteko zaintzapeko askatasuna. Armak eta munizioak eta lehergaiak eta horien osagaiak helburu terroristarekin gordailuan jartzea eta trafikatzearen delituak egozten zaizkie.

Hotzikara sentitzen dugu Galderren eta Aitorren aurka abian jarri duten makineria judizialari erreparatzean, beste euskal herritar askorekin egin bezala, Tribunal de Orden Publico haren oinordekoan epaituko baitituzte, inolako bermerik gabe eta salbuespeneko jurisdikzio batean.

Herri honek askatasuna gura du, pertsona librez osatutako jendarte libre bat. Ezin diegu utzi Galder eta Aitor eraman ditzaten. Ezin diegu utzi.

Hemen gaudenok gure elkartasun eta babesa adierazten diegu Galderri eta Aitorri. Ozen exijitzen dugu haien aurkako prozesua berehala geldi dezaten. Ohartarazi beharrean gaude epaiketa honen larritasunak sekulako dimentsioa duela.

Egoera honi erantzutera dator Amurrio eta Gasteizeko herritarrek sortutako “Ankerkeriari STOP! Aitor eta Galder aske!” plataforma eta bertatik sustatuko ditugun ekimenak.

Izan ere, hau ez da bi gazteren aurkako eraso huts bat, herri oso baten nahiak, desirak eta ametsak zapuztu nahi dituen eraso planifikatua baizik. Ezin diegu utzi: hain dago lekuz kanpo! Ezin diegu utzi nahi dutena egin dezaten.

**Zure sinadura**

3,104 Sinadurak